Nafarroako Konkistaren justifikazio juridikoa. Roldan Jimeno Aranguren | 1512 - 2012 Nafarroa bizirik

1512- 2012 Nafarroa bizirik

Nafarroako Konkistaren justifikazio juridikoa. Roldan Jimeno Aranguren

Nafarroa ez zen Gaztelara era baketsuan anexionatu ez eta oinordetza-
eskubideak betez ere, Aragoiko Koroaren lurraldeekin gertatu zen
bezala. Anexio hori armen bidez, sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak
erabiliz eta Julio II.aren bulda pontifikal polemikoetan oinarritutako justifikazio
kanoniko bat baliatuz egin zen. 1512an Aita Santuak Pastor ille caelestis
bulda eman zuen jakitera, eta bulda horren arabera, Aulki Santuaren edo
haren aliatuen aurka edota Luis XII.aren Frantziaren alde egiten zuen edonor
eskumikatu egingo zuten.

The legal justification for the conquest of Navarre
Navarre was not annexed to Castile nor peacefully neither by inheritance, as was
the case with the territories of the Crown of Aragon. This annexation was the result of
weapons, using no compelling legal reasons and based on the justification canonical as a
result of a controversial papal bulls of Julius II. In 1512, the Pope issued the Pastor ille
caelestis bull, and according to this, anyone who acted against the Pope or their allies, or
defect with Louis XII, had excommunicated.

1. Okupazio militarraren justifikazioa: gerra justuaren tituluak eta igarotze-eskubidea
Era laburrean bazen ere, eta gertakizunen bilakaera ziurtasunez ezagutu baino
lehenago, Fernando Katolikoa bera izan zen, konkistaren hasieran, tituluen
aipamena egin zuen lehena, hortaz, berehalakotasunaren balioa dute. Hala eta
guztiz ere, Elio Antonio de Nebrija humanista eta gramatikaria (1441-1522) izan
zen konkistatzailearen bertsio ofiziala plazaratzeaz arduratu zena (Nebrija, 1545).
Geroagoko autoreek bat egin zuten haren eraikuntzan erabiliriko argudio juridikoekin.
Izan ere, Bolognan ikasiriko goi-mailako jurista izateaz gain, Ius Commune
ongi ezagutzen zuen. Era berean, mos italicus izenekoan ikasketa berberak
eginiko eta Salamanca eta Valladolideko katedraduna zen Juan Lopez de Palacios
Rubios gaztelar jurista handiak (1450-1524) antzeko enkargua jaso zuen, eta xede
horretarako, De Justitia obtentionis ac retentionis regni Nafarroae deritzon lana
prestatu zuen2. Eskarmentuko pertsona zen zeregin horretan, Gaztelako Koroak
Indiak konkistatu ondoren, okupazioaren zilegitasuna justifikatzeko Libellus de
insulis oceanis lana idatzi baitzuen.
Konkista justifikatzeko titulu juridikoen eraikuntzak hiru elementu hauek ditu:
lehenbizikoa, eta zilegitasunaren funtsezko elementu gisa, hasiriko gerraren
justizia. Nebrijaren ustez, okupazioaren karia Frantziaren kontrako Liga Santuaren
gerran zetzan, eta zuzenbide naturalean eta jendeen zuzenbidean zuen oinarria.
Ekintza militarra justua ote zen ala ez kalifikatzea printzeari zegokion.
Nafarroaren kasuan, kontrarioen gaiztakeriatik zetorren justizia, heretikoak eta
Elizaren etsaiak zirenak. Ohartu beharra dago, nafar errege-erreginak zismaren
aldekoak benetan ote ziren frogatzeko ahalegin handiegirik ez zutela egin eta,
horrez gain, Aita Santuaren geroko adierazpenak argudio ahulak zituela, autore
legitimistek nabarmendu zuten bezala.
Bigarren argudioa aurrekoari loturik dago, nafar lurraldean ekintza militar justua
aurrera eramateko Nafarroatik igarotzeko eskubidea edukitzea beharrezko zelakoz.
Igarotze kontu hura zuzenbide dibinoan eta naturalean oinarriturik zegoela
irizten zitzaion, erabilera komuneko ondasunen gainean egiten baita. Beraz,
okupazio militarrak igarotze-eskubidean du zimendua, edo hobeki esateko, Nafarroako
errege-erreginek eskubide hori ez gauzatzean. Hala eta guztiz ere, eskubidearen
erabilerak segurtasuna bermatu behar zuen, eta Nafarroako errege-erreginak
erresumaren integritatea errespetatuko ez zelakoan zeuden. Horrezaz gain,
hirugarrenik, azpimarratzekoa da okupazioaren justifikazioa egiten zutenek
nazioarteko itunak errespetatzeko titulu osagarria erabiltzen zutela, alegia,
Gaztela eta Ingalaterra elkarren aliatuak ziren eta horregatik Gaztelak Guiena
hartzen lagundu behar zion, alabaina, horretarako Nafarroatik igaro beharra
zegoen ezinbestez.
Aurrerago ikusiko dugun bezala, behin lurraldearen konkista bukatutakoan,
okupatzaileari zegokion erresumaren etorkizunaz erabakitzea. Nafar kasuan,
Fernando Katolikoari egokitu zitzaion lehen faseko okupazio-baldintzak ezartzea,
bai eta noiz arte iraunen zuen ere. Hasierako uneetan erresumako gordailuzain
zela adierazi zuen.
2. Gaztelako Koroara eranstea. Nafarroako Koroa bereganatzeko justifikazioa
Konkista gauzatutakoan, Fernando Katolikoaren nahia ez zen erresumako
edukitzaile edo prekarioko jabe soila izatea. Nafarroako errege izan nahi zuen jabe
gisa. Abuztuaren amaieran, aragoiarrak zein asmo zuen azaldu zuen argi eta
garbi, hala ere, janzkera juridiko egokiaren beharra zuen eta, arestian aipatu
bezala, argudio berberak agertu zituzten Nebrija eta Palacios Rubios izan ziren,
enkarguz, jostun-lanak egiteaz arduratu ziren juristak.
2.1. Arrazoi justuaren bidezko gerra, nafar monarkia arrotza, oinordetzako
eskubideak, borondatez entregatzearen ziozko lagapen librea
Arrazoi justuaren bidezko gerran oinarrituriko konkista-eskubidea da
argudiatu zen funtsezko jabetze-titulua, kasu hartan Elizaren defentsa, hain zuzen
ere. Arrazoi justua Liga Santuaren 1511ko Hitzarmenean azaltzen zen, haren arabera,
Italiatik kanpo eginiko eskuratzeak atxikitzeko eskubidea (iure belli) ematen
zitzaien aliatuei. Arrazoi justuaren bidezko konkista-eskubidea da, hain justu,
Fernando Katolikoak aipatzen zuena 1512ko abuztuaren amaierako Manifestuan.
Halaber, Nebrija eta Palacios Rubios juristek garrantzi txikiagoko tituluen aipamena
egin zuten, konkista-eskubidearen osagarri —eta justifikazio— gisa. Nafarroako
zatirik handiena Iberiar penintsulan kokaturik izateak eta, bisigodoen
garaian, Inperioaren legitimitatetik zuzenean zetorren boterea Espainian ezarri izanak
bide eman zieten Eneko Aritzarekin hasiriko nafar monarkia arrotza baztertzeko.
Hartara, konkistarekin batera urak arrastora sartu ziren. Bestalde, Fernandok
Nafarroako Koroaren gaineko oinordetzako eskubideak zituen: bere aita Joanes
II.ak aipaturiko eskubideez gain, bere egiten zuen Germana Foixkoaren aldarrikapena
(printze- edo noblezia-dinastiaren ondasunen gainekoa). Azkenik, Iruñea
eta erresumako beste leku batzuk borondatez entregatzeak atxikiriko mendekotasuna
zekarren berekin: lagapen librea eta, horretan oinarriturik, Koroaren
gaineko jabetza-eskubidearen aipamena egiten zuen, bai eta Frantzia aldera ihesi
zihoazela, nafar errege-erreginen bake-proposamenean adieraziriko terminoena
ere. Lagapen libreari buruzko zehaztapenik garrantzitsuena 1513ko Iruñeko Gorteetan
egin zen.
2.2. Aita Santuaren konkista-tituluen balioa
Geroago, Aita Santuaren buldak eztabaidagune bihurtu ziren, hala ere,
ikuspegi juridiko hutsetik, bigarren mailako balio legitimatzailea zuten.

Konkista sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak erabiliz eta Julio II.aren bulda
pontifikal polemikoetan oinarritutako justifikazio kanoniko bat baliatuz egin zen.
1512an Aita Santuak Pastor ille caelestis bulda eman zuen jakitera eta bulda
horren arabera, Aulki Santuaren edo haren aliatuen aurka edota Luis XII.aren
Frantziaren alde egiten zuen edonor eskumikatu egingo zuten. Fernando Katolikoa
konturatu egin zen Nafarroako errege-erreginak frantsesen alde jarri zirela eta,
ondorioz, aipatu bezala, Aulki Santuari presioa egin zion, baita bere helburua lortu
ere. Horrela, 1513ko otsailean bigarren bulda argitaratu zen, Exigit contumacium
deitutakoa, eta, bulda horren bidez, Joan Albretekoa eta Katalina eskumikatu eta
erregetzatik kendu zituzten, Frantziako errege zismatikoarekin elkartu zirelako,
aitasantutzaren aurka.
Lehenago formulatu eta ezarririko titulua (arrazoi justuaren bidezko konkistaeskubidekoa)
indartzera mugatzen dira. Egia esan, buldak larderiazko arma
politiko gisa erabiliak izan ziren, eraginkorrak baitira edozein herrialde katolikotan,
era berean, titulu juridiko gisa erabiltzen ziren. Konkista-eskubidea eta buldak
titulu osagarriak dira. Buldetan, nafar errege-erreginak zismatikotzat eta zismaren
aldekoen babesletzat jotzen ziren, horrenbestez, eskomikatuak eta zuzenbide
kanoniko eta zibilean heretikoentzat ezarritako zigorren pean sartuak izan ziren.
Buldak puntu ahulez beterik zeuden, alde batetik, frantses autoreek Aita Santuen
aldi baterako ahalari uko egiten ziotelakoz, eta, bestetik, nafar prozesuari
zegokionez, errege-erregina kanporatuek, erabili zen prozeduran, arrazoi- eta
funtsezko formalitate-gabeziaren aipamena egiten zuten.
Praktikan, Nafarroa izan zen Europako azken estatua Aita Santuen botere unibertsalaren
dotrina aplikatzeari zegokionez, eta, zehazki, Dictatus Papae izenekoen
27 zenbakiko postulatua, non «Aita Santuak errege zitalarekiko fideltasunaz
libra ditzake mendekoak» jasota dagoen, hura guztia Elizaren jurisdikzioaren
aurrean Estatukoaren lehentasuna berresten zen garaian. Nafarroaren kasuan,
Julio II.a Aita Santuak erresumetako ahal osoa hartzen zuen bere gain aipatutako
Entzikliketan: Pastor ille caelestis, 1512ko uztailaren 21ekoa (1. eranskina), eta
Exigit contumatium, 1513ko otsailaren 18koa (2. eranskina). Zenbait hamarkada
geroago, Aita Santuen nahiak (dominium mundi) eraginkortasuna galdu zuen
Ingalaterran Henrike VIII.a eta Elisabet I.arekin.
Aipatu lehen buldan —1512ko uztailaren 18ko Bloisko ituna baino hiru egun
geroago emana eta, hortaz, Fernando Katolikoak Nafarroa inbaditzeko agindua
eman eta bi egun geroagokoa—, Aita Santuak eskomikatzeko mehatxua egiten
zien Aulki Santuaren kontra eginen zutenei, edo haien aliatuei, edo Frantziaren
alde eginen zutenei; aliatuen ondasun guzti-guztiak jendaurrean jartzen zituen eta
ondorengo hau dekretatu zuen «ondasun horietaz hartzen dituenak beregana
ditzala». Nafar errege-erreginei zuzendurik izan arren, Pastor ille caelestis izeneko
buldan ez zen haien inguruko aipurik egiten. Urte erdi geroago promulgaturiko
Exigit contumatium izeneko buldak, Joanes eta Katalina Albretekoak, Nafarroako
errege-erreginei zisma- eta heresia-delituak egin zituztela salatzen zuen, eta, hortaz,
eskomikatze-zigorra eta ondasunak (erresuma bera barne delarik) konfiskatzeko
zigorra zegozkiela, gainera, ondasun haietaz jabetzen zen lehenak bereganatu
eginen zituela zioen. Aliantza Santuaren kapitulazioan —Nafarroaren aipamenik
egiten ez zuena— erresuma konkistatzeko eskubidea aitortu zion Fernando
Aragoikoari, horrenbestez, konkista bukatutakoan, jabetza gauzatu egin zuen,
1512ko abuztuaren amaieran, konkistaren justifikazioan, berak adierazi zuen
bezalaxe:
Visto lo qual y visto que en la capitulación fecha por nuestro muy Santo Padre y
los otros príncipes en la Liga, dize que si acaeciere que alguno de los confederados
tomare algo fuera de Ytalia de los que se opusieron contra la Liga, aquello pueda
retener jure belli y que, por esta causa, Su Alteza puede justamente retener el dicho
reyno (Monreal eta Jimeno, 2011: 20. zk.).
Exigit contumacium buldaren bidez, Joan eta Katalina Albretekoak eskumikatu
zituzten: «Gure aurretiko Erromako Aita Santu askoren zantzuei jarraikiz, ezen
haiek errege eta enperadoreei, arrazoi arinagoengatik ere, zentsura berbera
aplikatu zieten, aginte apostolikoarengatik eta eskumen osoz, Juan eta Katalina
Albretekoak eskumikaturik, anatematizaturik, madarikaturik daudela eta zismatiko
eta herejeei laguntza emateagatik errudun eta estatuaren eta betiko tormentuaren
hobendun direla aldarrikatu eta adierazten dugu, eta errege titulu, ohore eta duintasunez
desjabetuak direla, eta haien erresumak, jaurerriak eta edozein ondasun
publiko egiten ditugu, eta haien guztia haiez guztiez jabetu edo jabetuko direnek,
gerra saindu eta justuenean eskuratu bezala, bere egin dezaten».
Eliza usteldu horretatik zetorren eskumiku horrek, gainera, erregetzatik kentzea
suposatzen zuen, Frantziako errege zismatikoarekin elkartu zirelako, aitasantutzaren
aurka: «Juan eta Katalinari errege ohore, titulu eta dignitateak, bai eta
Nafarroako Erresuma, dukerriak, konderriak eta bestelako jaurerri tenporalak eta
edozein tokitan dituzten ondasunak eta haien gainean dituzten eskubideak kentzen
dizkiegu eta publiko egiten ditugu erresuma, jaurerri eta ondasun guztiak eta
horietako bakoitza».
Eta gaztelarren alde egiten zuen, handik aurrera Juan eta Katalina erregeerreginen
fidelek harreman horiek apurtzeko: «Erresumako eta aipatu jaurerrietako
eta haren mugen barruko konderri, gotorleku eta gazteluetako eta lurreko gobernariak,
gaztelaniakoak eta ofizialak, baita dukeak, markesak, kondeak, baroiak,
nobleak, auzokideak eta biztanleak, beren dignitate, estatu, maila, ordena eta
egoera edozein izanda ere, Juan eta Katalinarekin fideltasun zinaz eta gobernu,
gaztelania, lanbide, zaintza, feudo, basailutza edo beste edozein gorazarrez loturik
egonik haien menpeko direnak, Juan eta Katalinarekiko zin eta gorazarrea
betetzeko edozein loturatik eta edozein fideltasun, obedientzia eta mendetasunetik
absolbituz eta, beherago idatzitako zigorren menpe, zeinetan aurka egiten dutenak
egitatearengatik berberarengatik erortzea nahi baitugu, zorrotz aginduz hauek
Burgos, Calahorra eta Tarazonako elizetan, edo haietako bitan, argitaratu eta hurrengo
sei egunetan —horietako bi lehendabizikotzat, bi bigarrentzat eta gainerako
biak hirugarrentzat eta azken terminotzat eta ohar kanonikotzat harturik— haien
menpe dauden guztiei eta haietako bakoitzari Juan eta Katalinarenganako, edo
haietako edozeinenganako, ohiko obedientziatik aldendu daitezen eta aurrerantzean
errege edo nagusi deitu edo erregetzat edo nagusitzat inola ere aitortu ez
ditzaten, baizik eta, zismatiko eta heretikoak diren aldetik, ahal duten heinean,
Kristoren gainerako fededunen komuniotik bazter ditzaten. Eta sei egunak iraganda
erresumako konderri, unibertsitate, hiri, gotorleku, gaztelu eta lur eta bestelako
tokietako eta aipatu jaurerrietako aipatu pertsona berezi orok gure manu hau
egiatan obeditzen ez badu, hemendik aurrera haren kontra eskumiku handiaren
epaia ematen dugu idazki honetan eta, hilzorian daudenak salbu, edozein indultu
apostolikoren aitzakia izanda ere, Erromako Aita Santuak bakarrik absolbitu ahal
izango ditu».
Nafarroako Erresuma Gaztelako Koroara erantsi bezain laster, 1515eko Burgosko
Gorteetan, Fernando Katolikoak Aita Santuen tituluaren inguruko balorazioa
egin zuen, honatx:
El papa Julio, de buena memoria, le proveyó del reino de Navarra por privación
que del dicho reino Su Santidad hizo a los reyes don Joan de Lavred e doña
Catalina, su muger, rey e reina que fueron del dicho reyno de Navarra, que siguieron
e ayudaron al dicho rey Luis de Francia, que perseguía a la Iglesia con armas e con
cisma, para que fuese de Su Alteza el dicho reino e pudiese disponer de él en vida y
en muerte a su voluntad de Su Alteza (Monreal eta Jimeno, 2011: 26.1. zk.).

2.3. Nafarroa Gaztelako Koroara eransten da
Konkistaren azalpenak ez ziren batere sinesgarriak izan eta, beharbada, horrek
eragina izan zuen Nafarroako erakunde tradizionalak eta foruen sistema errespetatzeko
orduan. Indar militarren bitartez, Pirinioetako erresumak amore ematea
lortu zuten, baina, agian, «itundutako» eta «hitzartutako» amore ematea izan zen,
kontuan hartu behar baita konkista zein nazioarteko baldintzatan egin zen, Aita
Santuaren bulden laguntzarekin. Baldintza horiek, zalantzarik gabe, eragina izan
baitzuten prozesu horretan. Nafarroa 1515ean gehitu zitzaion Gaztelako Koroari,
zuhurtzia handiz prozesu horretan etenaldi bat egin eta gero. Gaztelako Koroari
atxikitzea kontu erabakigarria izan zen erresuma konkistatu berriaren etorkizun
politiko eta instituzionalerako. Hasiera batean, bazirudien eransketa hura ohiz
kanpokoa zela, konkistatzailea Aragoiko errege zelakoz eta, arestian aipatu
bezala, irabaziriko ondasuna bestelako ondare-ondasunen izaera berekoa. Albako
dukeak, 1515eko Burgosko Gorteetan, hauxe esan zuen Aita Santuen kontzesioaren
inguruan: «Fuese de su Alteza el dicho reino y pudiese disponer dél en vida y
en muerte a su voluntad» (Monreal eta Jimeno, 2011: 26.2. zk.). Hura zela-eta,
Fernando Katolikoak hiru gauza egin zezakeen: Aragoiko Koroan sartu (han bera
zen errege), Gaztelakora erantsi, edo berarekin lotura zuzena mantendu, inolako
koroarekiko bitartekotzarik edo egiturarik gabe. Orduan Aragoiko errege eta
Gaztelako gobernadore eta administratzaile zen. Dirudienez, gaztelarrak ez
zeuden oso pozik berarekin, konkistaren esfortzu militarra haien lepora erori
zelakoan baitzeuden. Monarka zaharrak ez zuen istilurik nahi, eta Nafarroa koroa
nagusira eranstea onartu egin zuen, hau da, Gaztela eta Leongo Koroara.
Hala eta guztiz ere, Nafarroa erantsi zenean, zentralizazio goiztiarra zen Gaztelako
Koroaren ezaugarri nagusietako bat. Gaztelako Koroaren izaera politikoaz
aritu diren autorerik gehienek atzerago jartzen dute estatu modernoaren jaiotza
—Monarkia absolutu gisa—, Errege-erregina Katolikoekin, hain zuzen ere, Erdi
Aroko zenbait aurrekari badaude ere. Isabel eta Fernandoren eta, batik bat,
1521eko Komunitateen gerraren ondoan, haien biloba Karlos I.aren garaiaz geroztik,
monarkaren inguruan biltzen zen botere politikoak ez zuen mugaketa instituzional
garrantzitsurik izan. Alabaina, Lalinde eta Torres bezalako autoreek XIII.
mendera aurreratzen dute errege-autoritarismoaren ezarpena, nahiz eta 1348ko
Alcalako Ordenamendura arte legezko ez bihurtu. Izan ere, badaude zenbait
elementu autoritario Behe Erdi Aroan: erregeak legeak emateko ahalmen osoa
zeukan, goi-mailako justizia beretzat gordetzen zuen eta izaera-lotura lehenesten
zuen beste guztien gainetik. Bestalde, Aita Santuen boteretik independente zen
eta Eliza kontrolpean zuen, eta zuzenbide orokorrak tokiko zuzenbideak alboratzen
zituen. Gaztelako estamentuek ez zuten erregearen boterea mugatzen:
Elizak eta nobleziak botere ekonomiko eta soziala kontserbatu bazituzten ere, uko
egin zioten botere politikoari.
Nafarroako 1512ko konkista eta eransketaren garaian, Gaztelako estatu
autoritarioa egonkorturik zegoen, eta, ildo horretan, berdin dio jatorria XIII. eta XIV.
mendeetan izateari, nahiz XVI. mendearen hasieran izateari. Kontua hurrengo
galdera hauen erantzunetan datza: zergatik Nafarroak, Gaztelako Koroara erantsitako
erresuma penintsular bakarrak (Portugalen kasua albo batera uzten dugu),
jasan zuen atxikiriko estatuaren alderantzizko bilakaerarik? Zergatik, konkista
ondoan, areagotu ziren era nabarmenean Nafar Konstituzioaren bereizgarri
paktistak? Are gehiago, zergatik aldatu zuen konexioaren izaera, konkista militarra
batasun eqüeprincipal bihurtuz?
3. Nafarroako Erresumak estatus politikoa mantentzen du
Albretekoak berriro erregetzan ezartzeko ahaleginak behin betiko bukatu ziren
Noainen, 1521eko ekainaren 30eko arratsalde hartan eta geroko Amaiurko gazteluaren
defentsan. Pirinioen hegoaldeko Nafarroa osoa, une horretatik aurrera,
«egokitze», «moldatze» eta «antolatze» fase batean sartu zen, Gaztelaren
nagusitasunaren ondorioz sortutako egoera berrian.
3.1. Estatus politikoaren mantentzea
Konkista zehazterakoan, Fernando Katolikoak dinastia-aldaketa soil gisa
aurkeztu zuen, eta ideia hura berehala islatu zen, 1516an, erregearen izenean zin
egiteko erregeordeen formulan. Honela zioen: «Non obstante la incorporación
hecha deste reyno a la Corona de Castilla, quede de por sí y segunt hasta aquí ha
sido» (Huici, 1963: 261). Handik aurrera, erregeorde guztiek zin egiteko formula
bera errepikatu zuten. Mende bat beranduago Nafar Gorteek beste definizio bat
atera zuten termino desberdinak erabiliz, bertan honako hau adierazten zen
Gaztelarekiko loturaren inguruan (Novísima Recopilación, 1. liburua, 1. titulua, 1.
legea): «En unión eqüeprincipal conservando cada reino su personalidad tanto en
territorio como en legislación y territorio». Beste mende bat geroago, 1777an,
Gaztelako Kontseiluko Fiskalak aipatutakoaren arabera, Gaztelako zuzenbideak
(zehazki, «Partidak» izenekoak) Nafarroako ordenamendua aldatzeko ahalmena
zeukan. Diputazioak honako hau adierazi zuen handikiro: «Ningún Derecho de un
Estado puede tener fuerza en otro»; eta gaineratzen zuen: «Jamás ha tenido
Navarra dependencia alguna de Castilla para que ésta haya podido darle
principios ni reglas algunas de gobierno, pues antes hubo leyes y reyes en
Navarra que las hubiere y que se pudiese formar el Derecho que se alega de
Castilla» (Huici, 1963: 290-291; Monreal eta Jimeno, 2011: 165. zk.).

3.2. Gorteak mantendu eta indartu egin ziren
Gorteak erabat sendoturik sartu ziren Aro Modernoan. XIII. mendean, Europako
beste leku batzuetan bezala, estamentuen batzarra egin zen, kezka berdinak
zituztelarik, alegia, erresumako oinordetza-araudia kontrolatu eta betearaztea,
Foruen zina jasotzea, aldi berean, fideltasun- eta mendetasun-zina egitea
erresumaren izenean, laguntza- edo subsidio-eskabideak jasotzea eta erresumak
pairaturiko bidegabeak aurrez erreparatzea. Aurrerago berriz arituko gara
estamentuen adierazgarri den instituzio horretaz. Hemen, konkista ondoan izaniko
berebiziko zabaltzea aipatzen dugu besterik ez.
3.3. Oinordetza-legeak ez aplikatzea
Arlo horri dagokionez, eta beste koroa batera eranstearen ondorioz, aurretiko
aroan formulatu eta aplikaturiko oinordetza-legeak deuseztatu egin ziren
Nafarroako Erresuman. Gogora ekartzeko modukoa da, Nafarroako erregeerreginen
oinordetza-araudiari erreparaturik, emakumezko bat oinordeko izanez
gero, senarrak, bere izenean, erresuma gobernatzeko ardura hartzen duela, harik
eta haien seme-alabaren batek 21 urte bete arte. Bestela, emaztea hil eginez
gero, senarrak gobernuburu izateari uzten dio, Gorteek oinordeko legitimoa izenda
dezaten. Erregentziako Kontseiluak hartuko du erabakia. Ikuspegi horretatik argi
dago, Nafarroan, Filipe V.a borboitarrak ezarririko Lege Salikoak kontraforua ekarri
zuela, oraindik bizi-bizirik zeuden Erresumako Gorteek berretsi egin ez zutelakoz.
Aitzitik, nafar zuzenbidearen arabera, Isabel II.aren oinordetza zuzena izan zen,
alderdi karlistak nafar lurraldean agintzen bazuen ere.
3.4. Erdi Aroko planteamendu paktistaren iraupena. Foruak: erregearen zin egitea
Gorteak eta Diputazioa, erresumako estamentuen ordezkari gisa, bizitza publikoaren
erreferentzia-erakargunetako bat izan dira Aro Modernoan, monarkaren
pertsonifikazioa diren erregeorde eta Kontseiluaren mailan daudelarik. Nabarmendu
beharra dago Nafarroako eta Baskongadetako paktismoak indarrez iraun
zuela Austriar Etxearen eta borboitarren garaietan. XVI. eta XVII. mendeetan barrena,
praktika paktista desagertu egin zen Gaztelan eta, XVIII. mendearen lehen
bi hamarkadetan, Aragoiko Koroaren instituzio-sare osoak —kontzepzio paktista
batean oinarritua— behea jo egin zuen. Beraz, borboitarren estatu moldakor,
unitario eta absolutua eraikitzeko absolutismoren bultzadaren (ia eutsiezina)
aurrean, benetako bitxitasun historikoa da, Despotismo Ilustratuaren mendean,
erregearekiko harremanean praktika paktistak kontserbatzeko euskal lurraldeek
izaniko nahi setatsua. Gainbehera etorririko Espainiako Monarkiaren kultur
politikoak badirau probintzia salbuetsietan oraindik ere.
Nafar paktismoaren kontaketa mitikoa Foru Orokorrean bildurik zegoen, XIII.
mendearen erdialdeko usadioaren idazketa zena. Bi mende geroago, testu hura
gehitu zitzaion Nafarroako errege-erreginei buruz Vianako Printzeak eginiko Kronikari.
Garai hartantxe, aragoiarrak iturri beretik hasi ziren edaten, XVI. mendean
justiziaren funtsezko mitoa eta zin-egitearen elezaharra egite aldera. Maila txikiko
landa-nobleziaren talde handiak eta hiribildu berrietako —Erdi Aroko testuetan
behin eta berriro Nafarroako herria deituak— biztanleriak pisu handia zuen orduko
gizarte-egituran, eta material haietan errege-erreginekiko praktika paktista
indartzeko elementuak topatzen zituzten.
XIII. mendearen erdialdean, Foruak zin egiteko instituzioa ongi perfilaturik zegoen.
Foru Orokorraren I. kapitulua nafar konstituzio-ordenamenduaren bizkarrezurra
zen. Edukiak apenas izan zuen aldaketarik foru-erregimena desagertu arte
XIX. mendean. Erregeak komunitatearen eskubideak hobetu eta ez okerragotzeko
konpromisoa hartzen zuen, eta zin eginikoaren kontra eginez gero, erregeari obeditzeko
betebeharrez libratzen zitzaien nafarrei. Era berean, gorteak deitzeko
obligazioa zuen garrantzizko gai zehatzetan —hechos granados (gertakizun aipagarriak)—,
bai eta errege-erreginek izendaturiko karguetan atzerritarren presentzia
mugatzeko ere.
1512an, erresuma konkistatutakoan, zin egitekoa gauzatzeko posibilitatea izan
zen agerturiko lehen arazoa; izan ere, oinordetza zuzena izateko, erregegaiak
erresumako jaraunspen-legeetan ezarririko baldintzak bete behar zituen. Hala eta
guztiz ere, zin egitea de facto gauzatu zen. Tartean Aita Santuen erresumaren
titularitatea zegoen, eta lehen Gorteetara beaumondarren fakzioa joan zen. Nahiz
eta, Erdi Aroaz geroztik, zin egiteko formula bere horretan mantendu (han, nafar
ordenamenduaren kontrako errege-ekintzen baliogabetasun-bermea indartu zen),
formaren aldetik aldaketa batzuk egin ziren. XVI. mendean, zin egiteko ekitaldia
Gorteetan baitan gauzatzeko eskakizuna mantentzea lortu zuen erresumak,
alabaina, errege-erreginen presentziarik ezean, zedula bidez egiten zen. Zinaldiari
zegokionez, monarkiak gero eta errezelo handiagoak erakusten zituen Gorteen
deialdiak egiteko, horrenbestez, zin egitearen handitasuna eta paktu-esanahia
baliogabetzen zen. Betekizun formalak erregeordearen zinaldira eraman ziren,
nahiz karguaz jabetzen zenean, nahiz Gorteen amaieran.
3.5. Erresumako zuzenbidea babesteko bitartekoak
Aro Modernoan barrena, antolamendu juridikoa (errege-zinak bermaturikoa)
mantentzeko zenbait mekanismo instituzional jarri ziren. Konkista egin zen unean,
erresumako zuzenbidearen kontrako ekintzen baliogabetasun osoa aitortu egin
zen. 1513an, Comares-ko markesak zin eginikoaren arabera, ordenamendu
juridikoaren kontra jo izatekotan, «los dichos estados e pueblos del dicho reyno de
Navarra no sean tenidos de obedecer en aquello que hera benido en contra en
alguna manera, ante todo sea nulo e de ninguna eficacia y valor» (Monreal eta
Jimeno, 2011: 24. zk.). Hurrengo urtean, Iruñeko Gorteetan eraginkortasuna maila
etengarrira beheratu zen: «Lss tales cédulas emanadas de nos, aunque sean
obedecidas no sean cumplidas, fasta que sean consultadas con nos»3.
Eraginkorra izateko, «obeditu, baina bete ez dadin» formulako printzipio orokorra
gorpuztu beharra zegoen prozedura bidez. Hartara, XVI. mendearen azken
laurdenera arte ez zen erresumako Diputazioa agertu, hortaz, Errege Kontseilua
eta erregeordea izan ziren hasierako protagonistak, Kontseiluak foru-baimeneko
eskubidea aplikatuz, eta bigarrenak, ordea, betearazteko aginduarekin: bete
dadin. Biek, erregearen menpeko organo zirenez, ontzat eman zitzaketen
Madrileko Kontseiluetatik iritsiriko ebazpenak, bai eta erresumako zuzenbidearen
kontrakoak zirenak ere, bidegabea sortuz, eta haren ondorioz, erreparoaren
beharra, XVI. mendean eta XVII. mendearen lehen erdialdean, errez erdiets
zitekeena, Gorteak maiz biltzen zirelakoz. Haatik, batzartzeko deialdia luzatzen
hasiz gero, praktikotasunari begira, errege-xedapenen legezkotasunari buruzko
azterketa eta aurretiko txostena Gorteetako organo iraunkorraren (erresumako
Diputazioa) esku uzteko aukera aztertu egin zen, xede horretarako, 1692an, forupasea
deituriko instituzioa sortu egin zen. Beraz, arras garrantzizkoa da, urte hura
erreferentziatzat harturik, aurretiko eta geroko kontrol-prozedurak bereiztea. Hemen
bigarren fasearen deskripzioa egiten dugu, hau da, erresumaren amaierara
arte iraun egin zuena (1841ean). Fase hartan, konkistatik agertuz joan ziren
mekanismoak eta prozedurak metatu eta sartu egin ziren.
Komenigarria da Gaztelako orduko egoera kontuan hartzea, Nafarroan gertatzen
zena ebaluatze aldera. Benjamin Gonzalez Alonsok erakutsitakoaren arabera,
gaztelar Aro Modernoan, errege-botereak presionatuz gero, zuzenbidearen kontrako
eskutitzak ia-ia eutsiezinezkoak ziren, eta, gehienez ere, obeditu, baina bete ez
dadin gaztelar formula erregutze-errekurtsoaren hasierako izapide soil bihurtu zen.
Hartara, Gaztelan Erdi Aroko instituzio hura desagertzear bazen ere, Nafarroan
garatu eta modernizatu egin zen, nolabaiteko konplexutasuna hartuz.
Aurretiko paragrafo batean esanikoa aintzat harturik, 1692. urteaz geroztik,
kanpotik etorririko arauen aplikazioa hiru une edo mailako prozedurari loturik
zegoen, hona hemen: erresumako Diputazioaren foru-pasea, irizpen loteslea ematen
zuena, Errege Kontseiluaren foru-baimena eta erregeordearen «bete dadin».
Prozedura urratzeak edo modu okerrean aplikatzeak bidegabea eta ondoriozko
erreparoa sortzen zituzten.
Aipatu berri dugun urte hartan, Lizarrako Gorteek, Nafarroan aplikatu nahi ziren
errege-xedapenak —eduki militarrekoak izan ezik— Diputaziora eramatea erabaki
zuten, haien legezkotasunaren gaineko iritzia adieraz zezan. Xedapenak
onetsitakoan, foru-pasea jasotzen zuten.
1556. eta 1561. urteetatik aurrera, Errege Kontseilua zen foru-baimena emateaz
arduratzen zena4, era berean, bazuen zerikusia Diputazioak aurreraturiko
legezkotasun-azterketarekin. XVIII. mendearen buruan, bi esku-hartze haiek
alderatuak izan ziren exequatur deiturikoarekin (monarkak, Erromatik zetozen
ebazpenei aplikatzen zien erret onespena).
Bete dadin izapide bidez, betearazpen-aginduak ematea zegokion monarkaren
ordezkari zen Nafarroako erregeordeari.
Foru-pasea edo foru-baimena egonda ere, baldin eta erresumako zuzenbidearen
kontrako xedapenak insistentziaz aplikatu edo betearazten baziren, bidegabea
sortzen zen, eta haren ondorioz, erreparoaren beharra zegoen. Erresumak
erreparoa gauzatzea eskatzen zuen.
Bidegabearen legezko definizio batek honako hauek hartzen ditu barne: egitez
eta eginbeharrak ez-eginezko kontraforuak, kontraforua gehitu, zuzendu, aldatu,
mudatu, deitzeagatik5… Bestalde, praktikoek bidegabeei edo kontraforuei buruzko
sailkapena egin zuten, nafar ordenamenduan eraginiko urraketaren maila kontuan
edukirik. Gorteetan ematen ez ziren arauak legetzat hartzea izaten zen betegabe
orokorrik azpimarragarriena, arauen ordena hierarkikoa aldatu eta erresumako
Konstituzioan eragina izaten zutelakoz. Halaber, bigarren mailako arauen bidez,
batzarretatik etorritako legeriaren kontra egiteak betegabea zekarren (adibidez,
erregeordearen despatxuak edo Errege Kontseiluan erabakiriko autoak). 1561ean,
Zangozako Gorteak, erresumako legeen kontrako eraso normatiboaz aritu ziren,
honakook ezin zirela egin xedatuz: «Dispensar, derogar, alterar o mudar, ni hacer
disposiciones generales, sin pedimento de los tres Estados» (Monreal eta Jimeno,
2011: 69. zk.). 1668ko eta hurrengo urteetako Gorteek erregeordearen premiazko
legeen edo Errege Kontseiluan erabakiriko autoen inguruko iritzia eman zuten.
Halaber, erregearen menpeko, estatuko zein erresumako administrazio- edo
epai-organoek sorturiko kontraforuez edo betegabe partikularrez arduratzen zen
erreparoa, erakundeei edo partikularrei nafar ordenamenduan aitorturiko
eskubideetan eragina zutelakoz. Kasuistika arras zabala zen eta denbora pasatu
ahala, aldatu egiten zen.
Praktikan, Diputazioko sindikoek zegokion memoriaren prestaketak egin
ondoren, hiru aldiz aurkezten zioten erregeordeari. Hark uko eginez gero, monarkaren
esku jartzea eskatzen zen, dekretu bidez, bidegabearen erreparoa onar
zezan edo ez. Erreparoak lege-izaera zuen Gorteetan, legea hala izapidetzen
baitzen. Erreparo-eskaera guztiek pedimentu-rola deiturikoa osatzen zuten.
Bidegabeen erreparoak lehentasuna zuen nafar ordenamenduan. Gorteek
haien zuzenketan ziharduten bereziki, eta lehen puntua zen batzarraren gai-ordenan.
Araudian ezarritakoaren arabera, gainerako gaiak ez ziren jorratzen —kasu baterako,
erregearen zerbitzuen eskaerak (funtsezko gaia zena)— harik eta aurkezturiko
pedimentuak kontsideratu arte. Horrez gain, bidegabeen erreparo egokiarik
ezean, Gorteek ez zuten bilera amaitutzat ematen, are gehiago, baldin eta funtsezko
eskakizun hura betetzen ez bazen, ez zen Gorte berrien deialdirik egiten.
Bidegabeei zegokienez, Aro Modernoan barrena, Gorteetako legezko praxiak
batzarraren ebazpenetan du euskarria. 1505ean, hau da, konkista aurretik, hauxe
zegoen ezarririk: «Las cosas que los tres Estados suplican sean reparadas antes
de entender en otra negociación» (Huici, 1963: 27), eta 1534an adierazitakoaren
arabera, zerbitzuaren baimena eman baino lehenago, bidegabearen erreparoa
erdietsi beharra zegoen. Hogeita sei urte geroago, erregea izan zen konpromiso
hau hartu egin zuena: «No llamar a las Cortes Generales de este reino sin que
primero por nos sea respondido a los agravios» (Monreal eta Jimeno, 2011: 130.
zk.). Hurrengo mendeetan, ildo bereko zenbait xedapen eman ziren. Gorteek
salbuespenezko kasuetan soilik alboratzen zuten lehentasunezko printzipioa (bidegabeei
buruzko tratamenduari eta ebazpenei zegokiena), betiere, salbuespeninguruabarren
egoeretan eta eskaturiko erreparoa konpontzeko nahikoa baldintza
zegoela argiro uzten bazen. Huicik aipatutakoaren arabera, 1549, 1551 eta
1637ko bilkuretan honako hau adierazi zen: «la costumbre antiquísima del dicho
reyno era que antes de que se hiciese el otorgamiento y servicio voluntario fuese
desagraviado de sus agravios generales y particulares» (Huici, 1963: 215).
TESTUAK
1
1512ko uztailaren 21a.
Julio II.aren Pastor ille caelestis bulda.
AGS, Patronato real. Bulas sueltas, Leg. 21, 64. zk. Originala. Pergaminoa.
Latinezko edizioa: PRADERA, Fernando el Católico y los falsarios de la Historia,
Madril: Imprenta Rivadeneyra, 1922, 2. zk., 435.-441. or.
Gaztelaniazko itzulpena: GARCÍA-GALLO, Manual de Historia del Derecho
español. II. Antología de Fuentes del Antiguo Derecho, Madril: Egileak argit.,
1977, 834 zk., 599.-603. or.
Itzulpena: Espe Aranburu (Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Elkartea).
Julio, apezpikua, Jainkoaren mirabeen mirabea, gauzaren betiko oroimenerako.
Zeruko Artzainak, gizakiaren salbaziorako —zein Satanas prebarikatzaileak
betiko heriotzaz galarazi baitzuen— Lurrera jaisteari, giza haragiaz janzteari
eta gurutzean heriotza pairatzeari muzin egin ez ziela, zeruetara itzuli zenean eratu
zuen bere bikarioa lurrean, Jaunaren artaldea —bere pasio sainduak berrerositakoa—
ororen gainetik zaindu zezan eta, bere esku zegoen heinean, gaitzetik
babestu zezan eta kortxilaren barruan —hau da, Egiaren bidean— manten zezan;
eta, aitzitik, sendatu nahi ez zuten segaz moztutako ardiak, beren kutsadurak
besteak galbidera ez zitzan, kortxiletik kanpo bota zitzan eta, kide haratustel eta
usteldu gisa, buru sendotik errotik erabat atera zitzan. Horregatik, Guk, zeini bikariotza
honen eginkizuna goi mailako xedapenez agindu baitzaigu, uste dugu gure
esku utzitako artaldea modu atseginagoz zaintzen dugula eta gure esku utzitako
lanbidearen zamak hobeki betetzen ditugula deabruren amarruek inguratutako
kristauak zaintzen ditugunean eta haietatik babesteko aitaren karitatearekin kargu
hartzen diegunean, eta horietakorik temati direnak eta aitaren karitatea saihesten
dutenak seme umil eta onen bilkura eta gizartetik bereizten ditugu.
Baina, min handiaz esaten dugu, aurreko egunetan Luis [XII.a] frankoen
erregeak, Alfontso garai batean Ferrarako dukeak eta orduan gure aurka eta
Egoitza Apostolikoaren aurka setakeriaz matxinaturik, … [Aita Sanduaren kontra
gerra egin eta hainbat kardinalekin zisma bat sustatu zutenez, horren guztiaren
gorabeherak zehazten dira] … eta Guri eta aipaturiko Elizari, Errepublika
kristauaren estatu guztiari bezala, maila espiritualean eta mundu honetako mailan
artegatzen ahalko zuela iruditzen zitzaigun ezer egiteke utzi gabe, ezein erreguk,
ez gureak ez errege eta printze kristau askorenak, ezta Jainkoarekiko edo
gizonekiko beldurrak ere, haien oso jukutria gaitzesgarrietan atzera eginaraztea
lortu gabe, aitzitik haien bortizkeria egunez egun handiagotzen baitzen, eta
auzoko eta etxeko etsaiei eutsi ezin bagenien itsasoz haraindikoak menperatzea
sarri pentsatzea alferrikakoa zela bagenekienez, Espiritu Sainduaren aholkuari
jarraikiz, Aragoiko eta bi Sizilietako errege katoliko Fernando Kristorengan seme
oso maitatuarengana eta aitoren seme Leonardo Loredan venetarren dux eta
nagusiaren seme maitatuengana jo genuen horrelako indarkeriaren aurka gure eta
Elizaren laguntzan etor zitezen, eta haiekin —benetan katolikoa den errege bati
eta erlijio kristauko aitoren semeei dagokien bezala, horretarako erabat prest
aurkitu genituela—, gure izenean eta Elizaren izenean, Elizaren duintasuna eta
askatasuna babesteko eta zisma izugarri kaltegarria baretzeko, hitzarmen
hautsezina egin genuen. Horrekin bat egin zuen, bere borondatez, Ingalaterrako
errege leinargi Enrike Kristorengan seme oso maitatuak, eta ezarri genuen
konfederatutako bakoitzarentzat, Guretzat eta aipatu Egoitzarentzat, hitzarmenak
irauten duen bitartean, gerra arazoak komunak izan zitezen…
Baina Luis errege horrek… …egunero armada berriak prestatzen ditu Egoitza
honen aliatuen kontra, haren eta zismatikoen saio adeigabeei aurre egiteko
Guregatik eta Egoitzagatik armak hartu zituztenen kontra, eta, ahal duen aldiro,
beti Egoitzarenganako deboziozko herriak izan direnak, nagusiki euskaldunak eta
kantabriarrak eta aldamenekoak, Guganako eta Egoitzarenganako deboziotik
aldentzen saiatzen da iradokizun faltsu eta erratuen bitartez eta aliatu horien aurka
bere sariekin lotzen saiatzen da, aginte apostolikoa mespretxatuz, eta zismatiko
horiekin fededunen elkartetik at bizi diren kristauen arimak arriskuan jartzen ditu
eta Eliza nahasten du, askorentzat eredu kaltekorra eta eskandalua izanik.
Horregatik Guk, bai zismatiko horiek eta Luis erregea eta zismatiko horien
laguntzaileak zapaltzeko, ahal dugun bezain pronto Jainkoa lagun, horrela errazago
beren asmo maltzurrak utz ditzaten eta beren ariman aholku onuragarria jaso
dezaten, bai, gizon horien engainuak direla kausa, jende onak eta xumeak beren
lañotasuna dela eta, bide zuzenetik ezjakintasunak baztertuak izan ez daitezen,
erabakia hartuz, aginte [apostoliko] horrengatik, hau guztia kontuan hartuz,
Kristoren sinestun guzti-guztiei, bereziki ondoko tokietan bizi diren kantabriarrei
eta euskaldunei, latae sententiae eskumiku nagusiaren mehatxupean, zeinetan
eroriko diren aurka aritzen diren guztiak, aurka aritzeagatik, markes, duke, errege,
Aita Santuaren duintasun eta aginteaz edo zeinahi aginte eklesiastiko edo
mundukoaz nabarmentzen badira ere, hau Zaragoza, Calahorra, Burgos eta
Elnako elizetan, edo horietako batean, argitaratu eta hiru egunetara, eta, hilzorian
daudenak salbu, Erromako Aita Santuak bakarrik absolbitu ahal izango ditu, ez
beste inork ezta edozein ahalmen apostolikoren aitzakian ere, agintzen diegu zorroztasun
osoz, Jainko guztiahaldunarengatik, Gure kontra edo gure edo Egoitzaren
aliatuetako baten kontra armak hartzen saia ez daitezen, gure edo haien arma
jendeak izan, edo Luis erregearen edo zismatiko horien edo haien laguntzaileen
alde soldata pean aritzen, edo haiekin hitzarmenik edo ligarik sinatzen; eta
dagoeneko soldata jasoa dutenek edo armak hartu dituztenek edo hitzarmena
egin dutenek armak gure alde eta guri eta aliatuei laguntzeko itzul ditzaten edo,
bestenaz, berehala bazter ditzaten eta aliantza kondenagarri horretatik urrundu
daitezen, honen bitartez bertan behera uzten baitugu, nahiz eta zinaren loturaren
edo beste edozein lotura finkoren bitartez indartua suertatu.
Baina, Jainkoak bere errukiarengatik ez dezala utz, batzuek gogor eginen
balute, eta eskumiku epai honi beste hiru egunez gogo gogortuaz buru eginen
baliote, azken hiru egun horiek iraganik, haiek eta haietako bakoitza, dagoeneko
anatematizatu eta madarikatu egiten ditugu eta betiko galmeneko lakioarekin
lotzen ditugu eta Erromako Elizarengandik edo beste batengandik jasorik dituzten
feudoez, emakidez, indultuez, dohainez eta pribilegioez, espiritualez edo mundu
honetakoez, eta ohore eta duintasun oroz gabetzen ditugu eta adierazten dugu
eskumikatuak, anatematizatuak, madarikatuak, betiko tormentura kondenatuak,
desjabetuak —lehen esan bezala—, testamentua egiteko aktibo eta pasiboki
ezgaituak eta legezko egitate orotarako gaitasungabeak eta estatuaren hobendun
direla, aginte eta eskumen apostolikoaren osotasun berberarengatik; eta publiko
egiten ditugu haien ondasun guztiak eta nahi, ezarri eta dekretatu egiten dugu
hartzen dituenak bere egin ditzan. Eta zigortu horiek zapaltzen dituzten hiriak,
gotorlekuak, lurrak eta tokiak, haiek bertan bizi diren bitartean eta handik alde egin
eta hurrengo hiru egunetan, interdiktu eklesiastikoaren pean jartzen ditugu. Eta
gainerako fededunei, anatematizatu eta madarikatu horiekin hemendik aurrera
harremanik ez izateko eta merkataritzan ez aritzeko eta haiek, haien kutsadurak
eraginda Jainkoaren amorruan ez erortzeko, jentil eta publikanoak balira bezala,
saihetsi eta haiengandik alde egin dezaten…
Erroman emana, San Pedron, Jainkoaren Gizakundearen urtea den 1512ko
abuztuko kalenden 12an [uztailak 21], gure aitasantutzaren bederatzigarren
urtean.
2
1513ko otsailaren 18a.
Julio II.aren Exigit contumacium bulda.
AGS, Patronato real. Bulas sueltas, Leg. 21, 63. zk. Orig. pergaminoa.
Latinezko edizioa: PRADERA, Fernando el Católico, 3. zk., 442.-449. or.
Gaztelaniazko itzulpena: GARCÍA-GALLO, Manual, II, 836. zk., 604.-611. or.
Itzulpena: Espe Aranburu (Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Elkartea).
Julio, apezpikua, Jainkoaren mirabeen mirabea, gauzaren betiko oroimenerako.
Setatien ausarkeria tematiak eta gaizkileen ausarkeria kaltegarriak eskatzen
dute Erromako Aita Santuak, zeini Jainkoak lurrean herrien eta erreinuen gainean
erabateko boterea eman baitio, bere ohiko errukitasuna ahaztuta, Jainkoari egindako
irainengatik mendeku hartzeko grina handiagoz jo dezala gaizkile eta
setatiek gainerako gizakien gainean duten agintea eta haien zigorgabetasunaren
ausardia handiagoak diren neurrian, askorentzat agindu apostolikoak mespretxatzeko
eredu eta akuilu aise bihur litekeelako, eta horrek, segur aski, Eliza Katoliko
Sainduan eta Errepublika kristau osoan liskarrak eta eskandaluak sor litzake.
Duela gutxi Luis [XII.a] frankoen erregea, deabruaren kudeaketa zela-eta,
kontziliabulu zismatikoa egin zuten Bernardino de Carvajal, Guillermo de
Brissonet, Renato de Prie eta Federico de Sanseverino bere morroiekin lotu
UZTARO 82, 35-52 48 Bilbo, 2012ko uztaila-iraila
zenez… … eta modu ireki eta eraginkorrean laguntza, aholkua eta faborea eman
zizkienez, zismatikoen eta haien laguntzaile ospetsu Luis erregearen oso saio
kondenagarriak errazago erreprimitzeko, zisma hori Jainkoaren alorrean gehiago
zabaldu baino lehen erauzteko eta Luis erregea bide okerretik Egiaren bidera
ekartzeko, beharrezkoa iruditu zuen, ahal dugun guztian, Luis erregeari berari eta
zismatikoei baliabide eta indar oro kentzeak eta, aginte horri jarraiki, Kristoren
sinestun guztiei eta bakoitzari, bereziki euskaldunei eta kantabriarrei eta ondoko
tokietan bizi diren beste batzuei, nahiz eta markes, duke, errege, Aita Santuaren
edo bestelako duintasun eta aginte eklesiastiko edo mundu honetakoaz nabarmendu,
latae sententiae eskumiku nagusiaren mehatxupean, zeinetan han adieraziriko
hiru egunen buruan egitatearengatik berarengatik eroriko baitziren, zorroztasun
osoz Jainko guztiahaldunaren izenean agindu genien Gure kontra edo Aragoiko
eta bi Sizilietako Fernando Katoliko errege eta Ingalaterrako Enrique leinargi
Kristorengan gure seme maitatuetako baten kontra edo gure eta elizaren aliatuak
diren venetarren dux eta nagusi Leonardo gure seme maitatuaren kontra edo gure
arma-jendeen edo haietako batzuen kontra armak har ez zitzaten eta Luis
erregearen edo zismatiko horien edo haien laguntzaileen alde soldatapean aritzen
edo haiekin hitzarmenik sinatzen saia ez zitezen; eta ordurako haien alde armak
hartu zituztenek edo soldata jasorik zutenek edo hitzarmenen bat egin zutenek
armak gure alde eta guri edo gure aliatuei laguntzeko itzul zitzaten edo, bederen,
orduan berean armak bazter zitzaten eta aliantza kondenagarritik erabat alden
zitezen, Luis erregearekin edo zismatikoekin edo haien bultzatzaileekin hitzarturik
egonez gero, orduan berean bertan behera utzi baikenuen, zinaren loturaren
bitartez-edo indarturik bazegoen ere. Eta markes, duke, errege edo Aita Santuaren
duintasuna izan arren eskumiku epaiari beren arima gogortuaz hurrengo
hiru egunetan aurre eginen zioten fededunak, azken hiru egun horiek iraganez
geroztik, anatematizatu eta madarikatu egin genituen eta betiko galmeneko
lakioaz lotu genituen, eta ohore eta duintasun oroz gabetu, eta aginte eta eskumen
apostolikoaren osotasunarengatik adierazi genuen eskumikaturik, madarikaturik,
betiko tormentura kondenaturik, desjabeturik, lehen esanik dagoen
bezala, zeudela eta estatuaren hobendun zirela eta publiko egin genituen haien
ondasun guztiak eta nahi, ezarri eta dekretatu egin genuen hartzen zituenak bere
egin zitzan, orduan egindako idazkian zabalago biltzen den bezala.
Eta galmenaren seme-alabak, Juan, orduan errege, eta Catalina, orduan
Nafarroako erregina —Gureganako eta Egoitza Sainduarenganako bere adeitasun
eta atxikimenduaz Jainkoarengan konfiantza osoa baikenuen, eta haien
salbazioaren alde batez ere idazki hori argitaratu baikenuen, haren bitartez haiek,
beren arimen endekatzearen eta Maiestate Jainkotiarrari egindako irainaren
aurrean, zismatikoei eta Luis erregeari laguntza emateari justuki uzten ahalko
ziotelakoan eta beren bihotza lurrean, merezi izan gabe bada ere, Kristorenak
egiten ditugun Guregana itzultzen ahalko zutelakoan—, Fede katolikoaren batasun
eta garbitasunaren defentsari eta Elizan militatzen dutenen egoera bake eta
lasaitasunean mantentzeari dagokien horretan, zein jakina baita, gure zerbitzu eta
manuak umilki gorde eta bete behar izan arren, beren errege lanbidearen
eginbeharrak eta kanon sakratuen zentsurek horrela behartzen baitzituzten, hala
ere, Juan eta Catalina horiek, espiritu maltzurrak inspiraturik, gure manua eta
bertan bildutako zentsurak mespretxatuz, hala nola gure nuntzioak berak egin
UZTARO 82, 35-52 49 Bilbo, 2012ko uztaila-iraila
zizkien oharpen aitatiarrak eta laburbilduta zuzenean erakutsi zitzaizkien gure
idazkiak, non zismatikoen eta haien babesleen aurka Kontzilio Lateranense
Sakratuarekin bat egiteko eskatzen baikenien, beren penak eta Jainkoarenganako
eta gizonenganako ikara mespretxatuz, idazki horiek argitaratu ondoren eta haien
epea iraganda, Deabruaren ministro berrien gisan, ausartu ziren Luis erregearekin
bat egitera zismatikoak laguntzeko eta Fernando eta Enrique gure eta Eliza Sainduaren
errege aliatuek, Guk eta Elizak zismatikoen eta haien babesle eta estaltzaile
Luis erregearen aurka jarritako arma gizonen kontra, eta armak hartzera,
eta, zismatikoak laguntzeko, gotorleku eta bastioi gisa, garbiki, publikoki eta
nabarmenki guri aurre egitera, eta aipatutako zentsura eta zigorretan modu
gorrotagarrian erori ziren.
Hortaz, Guk, kontuan harturik aipatu Juanek eta Catalinak Egoitza honen zigor
espiritual eta tenporalekiko erakutsitako ausarkeria neurrigabea eta mespretxua,
inolako aitzakiak defendatu eta inolako desitxuratzeak konpondu ezin duten
egitate iraunkorraren ebidentzia eta sona direla eta (denok oso ongi ezagutzen
ditugulako); sona zeinaren lekukotasuna ematen baitugu eta benetan fede ematen
baitugu —aurrerantzean sona hori inork zalantzan ez jartzeko moduan—, denbora
luzeagoz onartzen baziren fededunen hondamendia eta Eliza unibertsal sainduarengan
eskandalua eta nahasmena sortu ahal izanen zituztela —are gehiago
Deabrua zismatikoen ahotik, toki haietan batik bat, ateratzen hasi den denbora
hauetan—, eta horregatik, merezimendu osoz, Jainkoaren haserrea erakartzen
ahalko genuen Guregana; eta kontuan hartuz zismatiko nabarmen eta haien
sustatzaileen kontra zuzenbideari jarraikiz ez dela inolako zitaziorik beharrezkoa,
eta Juan eta Catalinarengan horren zigor zorrotza ezarri nahian, aurrerantzean
horrelakorik egiteko indarrik izan ez dezaten, eta gainerako erregeek eta printzeek
adibide hartuta Jainkoa beldurrez zerbitzatzen eta lurrean haren bikarioa denaren
manuak umiltasunez obeditzen ikas dezaten; honen gainean aipaturiko gure
anaiekin sakon eztabaidatuta, eta haien aholku eta adostasunarekin, gure aurretiko
Erromako Aita Santu askoren zantzuei jarraikiz, ezen haiek errege eta enperadoreei,
arrazoi arinagoengatik ere, zentsura berbera aplikatu zieten, aginte apostolikoarengatik
eta eskumen osoz, Juan eta Catalina eskumikaturik, anatematizaturik,
madarikaturik daudela eta zismatiko eta herejeei laguntza emateagatik
errudun eta estatuaren eta betiko tormentuaren hobendun direla aldarrikatu eta
adierazten dugu, eta errege titulu, ohore eta duintasunez desjabetuak direla, eta
haien erresumak, jaurerriak eta edozein ondasun publiko egiten ditugu, eta haien
guztia haiez guztiez jabetu edo jabetuko direnek, gerra saindu eta justuenean
eskuratu bezala, bere egin dezaten.
Eta zuhurtzia handiagorako, epaiaren bitartez, Juan eta Catalinari errege
ohore, titulu eta dignitateak, bai eta Nafarroako Erresuma, dukerriak, konderriak
eta bestelako jaurerri tenporalak eta edozein tokitan dituzten ondasunak eta haien
gainean dituzten eskubideak kentzen dizkiegu eta publiko egiten ditugu erresuma,
jaurerri eta ondasun guztiak eta horietako bakoitza, [18] eta horiek, aipatu idazkiak
gauzatu ondoren, Juan eta Catalinaren eskuetatik eta boteretik nolanahi kendu
zizkietenei edo aurrerantzean kenduko dizkietenei —eskubide handiagoa izanik
horretan testamentuz edo testamenturik gabe interesa izan nahiko zuen edozein
oinordekok baino, ezen horiek, heretikoen babesleen eta estatuen hobendunen
zigorretan sarturik, etorkizunean eta betirako erabat bazterturik daude— ematen
dizkiegu eta dohaintza egiten diegu haientzat eta haien ondorengoentzat betikoz.
Erresumako eta aipatu jaurerrietako eta haren mugen barruko konderri, gotorleku
eta gazteluetako eta lurreko gobernariak, gaztelaniakoak eta ofizialak, baita
dukeak, markesak, kondeak, baroiak, nobleak, auzokideak eta biztanleak, beren
dignitate, estatu, maila, ordena eta egoera edozein izanda ere, Juan eta Catalinarekin
fideltasun zinaz eta gobernu, gaztelania, lanbide, zaintza, feudo, basailutza
edo beste edozein gorazarrez loturik egonik haien menpeko direnak, Juan eta
Catalinarekiko zin eta gorazarrea betetzeko edozein loturatik eta edozein fideltasun,
obedientzia eta mendetasunetik absolbituz eta, beherago idatzitako zigorren
menpe, zeinetan aurka egiten dutenak egitatearengatik berberarengatik erortzea
nahi baitugu, zorrotz aginduz hauek Burgos, Calahorra eta Tarazonako elizetan,
edo haietako bitan, argitaratu eta hurrengo sei egunetan —horietako bi lehendabizikotzat,
bi bigarrentzat eta gainerako biak hirugarrentzat eta azken terminotzat eta
ohar kanonikotzat harturik— haien menpe dauden guztiei eta haietako bakoitzari
Juan eta Catalinarenganako, edo haietako edozeinenganako, ohiko obedientziatik
aldendu daitezen eta aurrerantzean errege edo nagusi deitu edo erregetzat edo
nagusitzat inola ere aitortu ez ditzaten, baizik eta, zismatiko eta heretikoak diren
aldetik, ahal duten heinean, Kristoren gainerako fededunen komuniotik bazter
ditzaten. Eta sei egunak iraganda erresumako konderri, unibertsitate, hiri, gotorleku,
gaztelu eta lur eta bestelako tokietako eta aipatu jaurerrietako aipatu pertsona
berezi orok gure manu hau egiatan obeditzen ez badu, hemendik aurrera haren
kontra eskumiku handiaren epaia ematen dugu idazki honetan eta, hilzorian
daudenak salbu, edozein indultu apostolikoren aitzakia izanda ere, Erromako Aita
Santuak bakarrik absolbitu ahal izango ditu. Eta eskumikatu horiek, aipaturiko sei
egunen ondorengo beste hiru egunez eskumiku epaiari, [Jainkoak] utz ez dezan,
gogo gogortuaz aurre eginen baliote, jadanik epaia larriagotu eta berriro larriagotzen
dugu eta aipatutako hiri, gotorleku, gaztelu lur eta aipaturiko toki bakoitza eta
bertan sarturik daudenak, katedralak (baita metropolikoak ere), kolejiatak eta
bestelako elizak eta monasterioak eta bestelako erlijio eta jainkotiar tokiak, Egoitza
honek gozarazi dizkien salbuespenak eta pribilegioak edozein izanda ere, elizaren
interdiktuaz lotzen ditugu, eta horrek irauten duen bitartean ez mezarik ez
gainerako ofizio jainkotiarrik ezin izanen dute eman (nahiz eta pertsona, ordena
edo tokiei ahalmen apostolikoak eman izan, zuzenbideak baimentzen dituen
kasuetan salbu; eta hiri, gotorleku, gaztelu eta lurrak zeinetako komunitateek edo
unibertsitateek hauek obeditzen ez dituzten, eta haietako auzokide eta biztanle
guztiak, Egoitza honen emakidaz erabiltzen dituzten pribilegio, indultu eta bestelako
dohain, fabore, ohore eta eskumen espiritual eta mundu honetako oroz eta
Erromako [Egoitza] horrengandik edo beste eliza eta toki eklesiastikoetatik, feudoz
edo betiko edo aldi bateko enfiteusiaz, jaso dituzten ondare guztiez erabat gabetzen
ditugu. Eta, eskumikatu horietako batzuk aipatutako hiru egunetik hurrengo
beste hiru egunez bere bihotzean mantentzen badira eta Guk esandakoari kasurik
egiten ez badiote, haiek eta haietako nornahi anatema eta betiko madarikazioaren
ezpataz zauritzen ditugu, haiek eta haietako nornahi, zisma eta heresiaren laguntzaile
izatearen erailketa beraren errudun diren aldetik, beren semeekin eta ondorengoekin
hirugarren belaunaldiraino, eta ohore, titulu eta dignitateez, baita duke
eta markesenez ere, eta baroierri, konderri, markeserri, dukerri eta mundu
honetako bestelako jaurerrienez eta ondasun oroz gabetuz, eta horiek eta antzekoak
erdiesteko ezgaituz, eta horiek guztiak publiko eginez, horien jabe egiten
direnei eta haien ondorengoei horien gaineko betiko emari eta emakidaren epaia
emanik, aipatu eskumenaren aholku, zientzia eta osotasunarengatik, hemendik
aurrera, agiri honen bitartez aldarrikatzen dugu eta haiek, ondoko ohar edo deirik
gabe, egitatearengatik berarengatik, hartan eror daitezen nahi dugu.
Erroman emana, San Pedron, Jainkoaren Gizakundearen urtea den 1512ko
martxoko kalenden hamabian [1513ko otsailak 18], gure aitasantutzaren hamargarren
urtean.

Roldan Jimeno Aranguren.  NUP Zuzenbidearen Historiako Irakasle Titularra



Eman zure iritzia / deja tu opinión:

Esaiguzu zein iritzi duzun
Dinos que opinas